Haur Liburuaren Eguna

2010/05/10 , Posted by Karmelo Etxegarai Ikastola & Ikasbidea Ikastola at 18:02


0 21 false false false MicrosoftInternetExplorer4

Urtero bezala, apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu zen mundu osoan. Hans Christian Andersen-en jaiotzaren urteurrena delako egiten da egun horretan Haur Liburuaren ospakizuna. Aurten apirilaren 2a Ostiral Santua zenez, Kalipontxi liburutegiak deialdia luzatu zigun ospakizuna martxoaren 31n egiteko.

Martxoaren 31n, goizeko 9etan, ikasgelan sartu bezain laster, liburutegiko arduradunak, Arantzak, bidalitako koloretako orriak eskuetan hartu eta paperezko hegazkinak egiten hasi ginen. Orri horietan, alde bakoitzean ipuin baten atal bat zegoen, batean euskaraz, bestean gaztelaniaz.

Bakoitzak nahi izan genuen hegazkin mota egin genuen. Ikasgela barruan ea hegaz egiten zuten frogatu genuen.

Goizeko 9:30etan 1go mailara joan ginen, eta han ume txikiei hegazkinak egiten lagundu genien, baita ikasgela barruan hegazkinak frogatu genituen ere.

Hamarretan, guri egokitu zitzaigun tokira joan ginen, gure kasuan, ikastolako aparkalekura.

Arduradunak txistua jo zuenean, han bilduta geunden jende guztiok eskuetan geneuzkan hegazkinak botatzen hasi ginen. Lurreratzen ziren hegazkinak berriro hartu eta airera jaurtikitzen genituen. Horrela hamar minutu, gutxi gorabehera, egon ginen, eta Arantzak esan zigunean, gure mailari egokitua zitzaizkion more koloreko hegazkinak hartzen hasi ginen. Guztiak hartu genituen, bat izan ezik, haize bolada batek teilatu gainera eramana zuelako.

Hau egin ondoren, ikasgelara itzuli ginen, eta denon artean irakurri genituen bi ipuinak, biak Hans Christian Andersen-enak ziren. Bata “Urretxindorra”, bestea “El encendedor de yesca”.

Orokorrean, ekintza polita eta dibertigarria izan zen, eta Arantzaren lana ikaragarria.

Agur, eta beste bat arte.

Ikasbidea Ikastolako 5. mailako ikasleak



Currently have 0 iruzkizun: